Artikuluak

INGURURA EGOKITZEKO GAITASUNA

2020-12-01

Ingurua etengabe aldatzen ari da, eta uneoro. Etengabe, ingurura egokitzeko gaitasuna eskatzen zaigu. Gai al naiz horretarako? Nire egokitzeko gaitasuna, aldatzen den horren baitan, nire buruarekiko dudan konfidantzaren baitan eta sentitzen dudan segurtasunaren baitan izango da.


Intelijentziarik gorenena ingurura egokitzeko dugun gaitasuna dela esaten dute adituek. Heldu bezala hausnar genezake honen inguruan. Nola egokitzen naiz aldaketa berrietara? Zeri heltzen diot? Unean unekoari erantzuten al diot? Iraganari eutsita al nago, aldatu ezinik? Inoiz baino gehiago, garai berriek, eskatzen digute ingurunera egokitzeko.


Beraz, eta ingurunera egokitzeko, aldatzeko ditudan helduleku horiek askatu beharko ditut, zaharkituta geratu diren sinismenak, atzera begiratzen duten usteak, ohitura zaharrak… Baina nola jakin zein diren aldatu edo askatu behar ditudan horiek?


Horretan lagungarri dena da orainean egotea, orainari begiratzea, eta orainak behar dituen alderdi esentzialei bakarrik begiratzea. Gure buruari galde dieziokegu: zer da esentziala orain? Zer da esentziala une honetan? Eta benetan esentzialarekin bat egiten badut, nire iragana askatuz, sinismenak aireak eraman ditzan utziz, iritsiko naiz esentziala den horretara. Erantzun horiek orainean, inguruan eta nire barruan tiopatuko ditut. Ausardia behar dela? Bai, noski! Ausardia eta heldutasuna. Ausarta da egokitzeko gaitasuna agertuko duena, eta egokitze horretan hanka sartu eta berriz ere moldatzeko ahalegina egin eta egokituko dena. Etengabeko mugimendua da, zurruntasunik gabea, malgua, ura bezala ingurura egokitzen dena, zirrikituak betez eta etengabe alde eginez, ur berriari lekua utziz.


Egokitze horretan has gintezke begira, egokitzen naizen horretan nola sentitzen naizen. Seguru sentitzen naiz? Konfidantza dut nigan? Agian barruak astinduko zaizkit, laguntza eskatu beharko dut, heldulekuak beharko ditut, eta poliki bada ere, moldatu ahala, gero eta helduagoa izango naiz, gero eta likidoagoa, ura bezala.


Nola egin gure seme-alaba ala haur eta gazteekin hau? Nola lagundu egokitzen? Zer egin dezakegu beraiekiko?


Nire buruarekin ikasi ahala, beraiek ikasiko dute, ni gero eta malguagoa izan, akats egiteko beldur gutxiago izan, aldaketak gehitu eta batez ere, lehen balio zutenak alde batera utzi, orduan eta erosoagoa izango zaie beraiei aldaketa. Ni zurrun agertzen banaiz, nire buruari aldaketetarako baimenik eman gabe, nola aldatu jakin gabe, eta ezer askatu gabe, gehituz, gehituz… gero eta urduriago sentituko naiz. Gero  eta presio handiagoa izango dut, ezina areagotu egingo da, nahiz eta aurretik, estu-estu heldu zaharrari, lehengo egitekoari, lehengo sinismen, uste eta moduei, honek talka egingo du; agian, nire barruan, agian, besteekin harremanean, agian, gure haur eta gazteekin…


Zer egin dezaket orduan heldu bezala? Arduradun bezala? Bizitzak erakusten dituen garai berriak zer eskatzen duen aztertu, eta horietara egokitzeko modurik osasuntsu, malgu eta lasiaena zein den aztertu. Egin al genezake? Gure arbasoek egin bazuten, guk zergatik ez? Gizakia beti egokitu da garai berrietara, eta horrela joan dira eraikitzen bizimodu berriak. Orain inoiz baino azakrrago ematen ari dela aldaketa? Egia! Bizitzak azkarrago egokitzeko eskatzen digu. Zer bizimodu datorkigu? Ezin dugu ukatu teknologia present dagoen bizimodu bat dugula aurrean, harremanak teknologia bidezkoak direla eta hau gurekin geratuko dela, gero eta gehiago bizi garela harreman sareetan…, beraz harremanei berebiziko garrantzia eman beharko diegu. Again, hori egon liteke erdigunean, eta harreman horietan seguru, lasai eta konfidantzaz bizitzeko estategiak garatu genitzake. Baina hau guztia hausnarketa xume bat besterik ez da, elkarrekin hitz eginez, partekatuz eta elkarrekin harremanean bila genitzake bizitzeko ezinbestekoak diren horiek, eta gure helduleku zaharkituak askatzen hasi elkarrekin, doluak eginez eta bihotzaren sakontasunetik eskerrak emanez. Ekingo al diogu bide eder honi elkarrekin? Nahi al duzu gure gazteen bidea samurtzeko elkarrekin aritu? Niretzat plazera da hau, eta modu berean, ezinbestekoa. Gure haur eta gazteei ingurune lasai, ziur eta konfidantzaduna zor diegu.

Hausnarketa honetatik harataga, eta inguruan gertatzen ari diren egonezin, urduritasun eta beldurrak direla-eta zer egin ziurgabetasun honetan sortzen zaizkigun emozi hauekin? Lehenik, emozio horiek begiratuko ditugu, kasu egingo diegu, bere lekua emango diegu. Garrantzitsuak dira eta zerbait agerian jarri asmotan dabiltza. Zer ote? Zaharrak askatu ezinaren inguruan ari ote dira? Ikus dezagun emozio horiek nola eta nondik sortzen diren.


Desorekatzen, urduritzen gaituzten emozio horiek zerbaitek eraginak dira: keinuek, hitzek… Emozio bat pentsamendu batek sortu du, eta emozioaren helburua, pentsamenduak behar duen ekintzara bideratzea da, eta ekintzan emozioaren energia guztia desegin egiten da. Gero,  persona lasai geratzen da, lehen baino hobeto. Hau guztia lortzen dugu orainean gaudenean, eta pentsamenduek oraineko zerbaiti erantzuten diotenean.


Baina askotan iraganeko pentsamendura eramaten gaitu eta une hartako zerbait bilatzen du, une hartan behar zen ekintza bat eragin nahi du, eta orainean ez dago hori, eta ekintzarik ez dagoenez, edo ekintza horretarako lekurik ez dagoenez, emozioa handitu egiten da, eta frustrazioa sortzen da. Honela, iraganeko pentsamendu horren bidez, ez gara orainera egokitzen, eta pertsonak antsietatea, egonezina, urduritasuna, stresa sentitzen du. Orduan nola amaitu emozio horiekin? Pentsamendu berri bat sortuz. Adibidez: Ezin dut. Gehiegi da. Ez dut astirik  ----------- Egin dezaket. Denbora nire alde dago.


Guk heldu bezala, gazteengana hurbiltzen garenean, beraiekin elkarlanean… zer pentsamendu daude gugan? Zer dut nik buruan? Nola dago nire emozioa? Presaka ari al naiz? Ezinetik ari al naiz? Pentsatu al dugu inoiz nire pentsamendu mugatu edo mingarriek sor diezaieketela pentsamendu mugatu bat beraiengan? Nire ziurtasun eta konfidantza ezak sor al lezake segurtasun eza beraiengan? Egun, heldu asko beldurtuta, ziurtasunik gabe, konfidantza gutxirekin… bizi garela esango nuke. Nik horrelakoak askotan sortu ditut nire seme-alabengan, ikasleengan… Nola sentitzen zara zu garai honetan? Zorioneko, lasai, malgu…? Bejondeizula! Asko dugu zugandik ikasteko.


Amaitzeko,  hain zorioneko ez denari zer esan diezaiokegu? Zer egin dezaket, nik, heldu bezala, nire pentsamendu mingarriekin? Ikus ondoko jarraibideak:
• Orainean egon. Orainari erantzun. Beldurra sentitzen badut ondoko hau galdetu: Oraintxe ba al dago arriskurik? Ziurrenik ingurune zur batean izango naiz, eta ez dut arriskurik sentitutko.
• Orainak behar dituen pentsamenduak sortu, etorkizuna ekidinez: Orain zer egin dezaket? Zer behar dut? Nola egingo dut?
• Ondorioz, emozio baikorrak errazago eraikiko ditut: poza, irriparrea, maitasuna, konpasioa, osotasuna…


Eta guzti honek ingurunera egokitzen lagunduko dit, inguruneak orainean eskatzen dizkidan egoera horietara egokitzen, eta egokitze horretan esentziala denari bakarrik lekua egiten.


Beraz, amaitzeko ondoko galdera hauek utzi nahi ditut airean elkarrekin hausnartzen jarraitzeko: Zer eskatzen dit une honek? Zer pentsamendu behar ditut orain? Orainari  egokitutako pentsamenduak al ditut? Iraganekoak, edo beste une batekoak al dira? Zer emozio sortzen dit? Desegokia bada, bilatu babesa, aldatu pentsamendua eta sortu emozio berria…. Elkarrekin eraikiko dugu oraini uneoro, elkarri eskua ematea ezinbestekoa da, elkarri babesa ematea, elkar zaintzea, eta begirune sakonez elkarrekin bizi esperientzia ziurrak, babestuak eta lagungarriak izatea. Nahi al duzu oraineko ingurunera egokitu? Elkarrekin?

Aurrera! Denak, bakotza den bezala, gara beharrezkoak.


2020-12-01
Aitziber Ayesta Aldanondo

INGURURA EGOKITZEKO GAITASUNA